Nov 20, 2024
Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortutako ekimen herritarra da. Esparru ezberdineko pertsona talde bat gara eta Aberri Eguna baliatu nahi dugu nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta jendarte erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezaten eskatzeko. Pandemiaren testuinguruan Aberri Eguna, Euskal Herria osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu genuen. 2022-tik aurrera, pandemiako segurtasun neurriak atzean utzi ondoren, alderdi abertzaleek bere ohiko mobilizazioak berrartu zituzten eta nork bere deialdia egin zuen. Euskal Herria Batera bateratasunean jarri genuen indarra eta urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki genuen.
Aurten, 2024an, deialdi bat egin nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen dutenei eta, aldi berean, gure konpromisoak berretsi nahi ditugu.
Deialdia Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei:
• Batera aritzeko garaia dela uste dugu. Batera krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan. Batera lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera gure Nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu dadin.
• Aberri Eguna Batera aritzeko eta Nazioa garela ospatzeko eguntzat hartzen dugu eta beraz etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitzen dugu. Modu bateratuan zein ahal eta ofizialtasun gehienarekin euskal lurralde guztietan ospatu dezagun bagarela eta munduaren aurrean azaldu, bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula. Nazioek nazioa izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugulako. Euskal Herriaren historiari begiratuta hala izan dela ondorioztatu dezakegu. Erabateko normaltasunean batzuetan eta debekuei aurre eginez beste batzuetan. Aberri Eguna tradizioa ez ezik, oraina eta etorkizuna duela uste dugu.
• Euskal jendartea asko aldatu da eta horrekin Nazioa eta nazioa sentitzeko moduak. Euskal Herria Baterak Nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaldu behar dela uste du eta horretarako deialdia egiten du.
Euskal Herria Batera!-ren konpromisoak:
• Gure deialdia zabaltzen jarraitzea. Ez soilik erakunde eta eragileei baizik eta herri honen kapital nagusia kontsideratzen dugun jendarte sektore zabal horri, zeina Euskal Herriari etorkizun hobeagoa bat emateko helburuarekin esparru ekonomikoan, sozialean, akademikoan, zientifikoan zein kulturalean euskal komunitatearen oraina eta etorkizuna eraikitzen ari den. Horiei guztiei Batera aritzeko deialdia egin nahi diegu. Horiei guztiei Aberri Egunean Nazioa garela ospatzera dei egiten diegu.
• Euskal jendarteari Aberri Eguna ospatu dezan eta ikurrinak leihoetan zabaldu ditzan eskatzea.
• 2024ko ekitaldi bateratua antolatzea. Bilbon, Martxoak 30, Campos Eliseos antzokian izango dena. Herri gisako momentu honetan, Euskal Herria ardatz duten eragileak biltzera deitzen dugu.
◦ Aurtengo ekitaldian bi lan kultural uztartuko dira. Lehena Euskal Herriko fundazio nagusiek osatu duten narrazio da, zeinak Euskal nazioa munduan aurkezten duen. Bigarrena Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua, nazioa egunerokoan azalduko duena.
◦ Aurtengo hitzorduan bi data historiko ekarri nahi izan ditugu, gaurko testuinguruan duten antzekotasunengatik
Lehen Aberri Eguna. 1932an Bilbon EAJk deitu zuena. 1929-an lehertu zen krisi ekonomikoaren eta 1931an Espainiar estatuan martxan jarri zen Errepublikaren testuinguruan. Garaian bezala erronka eta aukeren aurrean gaude ere. Horregatik, Campos Eliseos antzokia aukeratu dugu aurtengo ekitaldirako.
1978ko Aberri Egun bateratua. Espainiar Estatua frankismotik demokraziarako trantsizioa egiten ari zen unean, UCD eta AP ez beste alderdi eta mugimenduek (18 guztira, hauen artean PSOE eta garaiko Euskadiko Ezkerra) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatu zen Aberri Egunera egin zuten deialdia. 400.000 herritar inguru batu ziren “Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako autonomia estatutua” eta “Autodeterminazio eskubidea” aldarrikatzeko. Egungo testuinguru politikoak euskal lurraldeen aitortza politikoaren gaineko adostasuna eskatzen duela uste dugu. Horregatik, aurtengo ekitaldira 1978ko Aberri Egunean lortutako aniztasuna ekartzen saiatuko gara.
Gaur hemen biltzen gara berriro Euskal Herria BATERAk pandemia garaian abiaturiko ekimen elkartu honetan, jada ia ahantzia dugularik hain denbora gutxi pasatutako gertaera lazgarri hura. Urte bete igaro da ere nazioarteko printzipio eta oinarrien aurka Errusiak Ukraina erasotu zuenetik, Europan berriro gerra piztuaz. Ikusi dugu orain arte etorkizuneko gertaera posible zirenak, gurera heldu zaizkigula eta jada hauen ondorioetara moldatzeko politikak eta bizimolde aldaketak ditugu eztabaidagai.
Gertaerak ziztu bizian doaz laster beteko dugun XXI mendeko lehen laurden honetan. Telesforo Monzonek aipatu zuen behin: “Hartu dezagun istant bat eta inguruetara begira, nondik gatozen behar dugu jakin nora goazen ere”.
Baina sorionekuak gu, ahazten ari ginela zirudienean, Irulegiko eskuak nondik gatozen gogorarazi digulako berriki. Amaiurko indusketek eta bere 500 urteurrenak gogorarazi bezala. Edo Emakume Abertzale Batzaren 100 urteurrenak. Gure aurreko belaunaldi guzti hauek izan zirelako baikara gaur hemen.
Gertaera guzti hauek inoiz eten ez den kate baten azkeneko katebegia garela gogorarazten digute, etorkizunean honi lotuko diren katebegi berriek segida emango diotena. Baina, gaur eta hemen, gure gizartearena da, gurea, katea ez etetearen ardura historikoa, ez beste inorena. Eta historiaren zama hori eraman ahal izateko euskal herritar ororen bizkarrak dira beharrezko, Xabier Letek zioen bezala itsasoan urak handiak baitira murgildu nahi dutenentzat, gure herriko lanak handiak baitira astunak, gogorrak, zatiturik daudenentzat.
Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen zer garen esateko: eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara!
Baina ez da nahikoa nondik gatozen argi izatea, non gauden eta nora goazen ere aztertu beharra dugu. Eta gu, bederen, kezkatuta gaude. Aipatu dugun testuinguruak erronka berriak eta ez nolanahikoak ekarri dizkio eta ekarriko dizkio gure herriari.
Euskal Herrian sinesten dugunon pultsua bizkortzeak soilik eman ahal dio erantzun baikor bat testuinguru horri. Eta ez gaitezen engaina, bihotz hori gabe, gorpua egongo da baina ez da Euskal Herria izango, beste zerbait baizik.
Erronka izugarriak ditu gure herriak aurrean. Eta katea inoiz ez bada eten ere oso ahul jarraitzen dugu. XXI mendera heldu gara eta ez da gutxi, baina herri gisa zatituta, herri gisa nahi dugun subiranotasuna oraindik lortu gabe, eta demografikoki zaharkituta heldu gara.
Eta, ondorioz, XXI mendeko erronka itzelei estaturik gabe, zatiturik, eta nazio gisa gutxiagotuta aurre egin beharrean gaude. Klimaren erronkak, teknologien garapen esponentzialak gizarte orotan eragiten duen eraldaketa sakona, aldaketa demografikoen erronka, ordenu globalaren transformazioa… Nazio ororentzat erronka itzelak direnak guretzako kolosalak dira. Ez dezagun ahantzi aske ez den herri txiki eta zahar bat garela, etorkizuna ziurtatua ez duena.
Beraz, non gauden eta, batik bat, nora joan nahi dugun behar dugu adostu denon artean. Gu bezalako herri txikientzako oinarrizko kontuetan batasuna ezinbesteko baita, eta zatiketa baimendu ezin dugun luxua. Testuinguru historiko honek behartzen gaitu batasun hori lantzera eta azken urteetan izandako aldaketek horretarako baldintzak sortu dituzte. Euskal Herria aintzat hartzen dugunon batasunaren unea da hau.
Eta Aberri Egunak hori izan behar du: desberdintasunetik batasunerako deiadarra. Batasuna herri erronkei aurre egiteko. Batasuna gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko. Batasuna jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta gisa kohesioa ardatz. Batasuna herriaren bihotz taupada indartzeko. Batasuna Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek erabaki dezaten, euskal jendarteak bere aniztasunean erabakimen osoa izan dezan.
Denon artean, desberdintasunen errespetutik, herri honek XXI mendeko erronkei aurre egiteko behar duen gutxieneko zoru amankomuna eraiki beharra dugu. Ez da erraza izango, baina inoiz izan al du gure herriak erraza bere bizirautea? Batera bagara eta indarra badugu.
Hemen gaude, lur honi loturik. “Oi, lur, oi lur!, Oi, ene lur nerea!…, Oi, goiz eme, parre gozoz ernea!…”. Lur bati lotzen baitzaio jendea munduan egoteko, sorterria utzi behar izanez gero, nora itzuli izateko.
Itsasoari begira bizitzea hautatu zuten lur honetan herri bat eraikitzen hasi zirenek, ohartu baitziren euri guztien urak, Orhikoak eta Bizkarzekoak, goi-mendietakoak eta behe lurretakoak, ibaietan zihoazela itsasoaren bila. Agian horregatik, itxasoari matxinbratzen zaio herri honetako jendea, eta ibaiei jarraitzen die portu berrien bila: “Kantauri-itxasoak orroaka dabilki, Euskaria deritzan itxas-ontzi… An dijoa Azkatasuna sendo eta gazte. A! baleuzka esku indartsuak azke”.
Baina itsasoak izen bat behar du, eta izen bat behar du portuak, eta ibaiak, eta mendiak, eta herriak ere behar du izen bat, hemen gaudenok jakin dezagun zein lekutan bizi garen, itsasora goazenean jakin dezagun zein portura itzuli. Eta izenak hizkuntza bat behar du izateko, eta guk ere behar dugu esanez izateko. Horregatik gara hizkuntza bat atxikitzen duen jendea; hitzak esanez egiten dugu hizkuntza: “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?”.
Lur honetan gaude eta herri hau eraikitzen ari gara, baina ez gara betikoak ezta betirakoak: “Gu mundukoak gara, baina mundua, ez da gurea”. Behinola nonbaitetik iritsi ziren asaba migratzaileen ondorengoak gara, beste nonbaitetik datozen migratzaileak bertokotzat hartzen dituen herria. Bizitzeko eta izateko ederra delako kantatu diote poetek herri honi: “Oi ama Eskual-Herri goxua. Zütatik hürrün ni trixterik banua”. “Herrialde guztietan, Toki onak badira, baina bihotzak dio: zoaz Euskal Herrira”. Behinola migratzaile izandakoa bertoko nahi dugu.
“Zeruko nahiz lurreko jaungoiko guztiak ukatzen” dituzten emakumez osatutako sarea gara, “a, e, i, o, u berri bat ahoskatu” nahi duena, bihar jaioko direnen alde. Atzo herri hau amestu zutenei eta bihar jaioko direnei zor baitiegu jendarte justu eta librea, zoriontsu izatea merezi duten gorputzez osatutakoa.
Mundua kultura bati atxikita irudikatzen duen jendea gara, historia bat duena eta izan nahi duena, jaso duen Historia orainetik etorkizunera herri ikuspegitik sortuko duena.
XIX. mendean, hemen, Urruñan antolatu zituzten Lore Jokoetan zazpi euskal herrietako populuari batera bizitzeko egin zioten dei hura eguneratzera gatoz. Orduan bezala Kultura balioan ezarri nahi dugu gaurkoan, Abadiako adierazpen honetan. Kultura tresna eta orubea baita euskal nazioa birsortzeko. Kultura ezinbesteko baliabidea baita komunitatea bateratzeko eta jendartean zoriona ereiteko. Kulturak, gure aniztasunean batzen gaituenean, munduak ikus gaitzan eta munduan Herri bat izan gaitezen lortzen du.
Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak herri. “Kulturarik gabe ez dago herririk, Ez dago kulturarik gabeko herririk”
Abadian ikusi bezala, ekimen herrigile ugari abiatu dira gure herrian mende hauetan zehar. Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da.
Mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera gatoz. Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu. Elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatuko duen esteka klikatu nahi duen jendea bildu gara hemen. Mehatxua, jazarpena, eta intolerantzia pertsonez osatutako galbahearekin arbuiatuko dituen jendea.
Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egun berezian sortu zen, pandemiaren unerik beltzenean. Globalizazioaren arriskuei aurre egiteko komunitarismoa indartu behar dela uste genuelako. Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak direlako tresnarik egokienak pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko.
Bide horretan ekarpen bat egin nahi izan dugu, Aberri Egunetan jendarte zibilari lema hartzeko eskatuz leihoetan eta plazetan bildu ginen, Euskal Herria bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatuz. Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako.
Abadiaren itzalpean Urruñako udaletxera gonbidatu zaituztegu, zuokin asmo bat partekatzeko. Anbizioaren eta konpromisoaren garaia da. Ikurren udaberria sustatu dugu aurten, nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion hurrengo urteotan.
Euskal Herria Baterak ez du bere horretan iraun nahi, sor xedeari lotzen gatzaizkio. Konpromisoa hartzen dugu euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. Azken finean gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.
Goretsi dezagun batera egiteko gai garena.
Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte.
Iazko udaberrian ez genuen asko pentsatuko urte bete geroago oraindik pandemia borrokatzen arituko ginenik. Baina hemen jarraitzen dugu, lehentasunez gaitzari aurre egiten eta, aldi berean, larrialdi luze honek izango dituen ondorio sozial eta ekonomikoen beldur. Ezer baino lehen, agiri honen sinatzaileok gure maitasuna helarazi nahi diegu egoeraren aurpegirik beltzena pairatu dutenei eta denon zaintzan borroka luzea daramatenei. Sinetsita gaude komunitatea trinkotuta gai izango garela aurrera egiteko.
Izan ere, 2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko.
Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea.
Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko; lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko.
Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko. Agiri honen sinatzaileok gure esku dagoena egingo dugu bide horretan aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko.
2021eko Aberri Egunari begira, ez dakigu oraindik ea aukerarik izango ote den kalean egiteko. Guk, egoera edozein dela ere, KEINU BAT BATERA egitea proposatzen diegu euskal herritarrei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei: apirilaren 4an kantuan egitea, denok batera Euskal Herri osoan, 12:30etan igorriko dugun seinalea jarraituz (xehetasunak aberrieguna2021.eus webgunean).
Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.
Gora Euskal Herri burujabea!
EUSKAL HERRIA BATERA ekimena. Talde sustatzailea.
Euskal Herria, 2021eko udaberria.
Talde sustatzailea:
1. Ainhoa Aiensa Laborda, Supermerkatu baten langilea. Iruñea, Nafarroa Garaia.
2. Aitor Servier Etxexuri, Bertsolaria. Azkaine, Lapurdi.
3. Amaia Merino Unzueta, Zinemagilea. Barañain, Nafarroa Garaia.
4. Amaia Nausia Pimoulier, Historialaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
5. Anabel Arraiza Artieda, Kultur ekintzailea. Lakuntza, Nafarroa Garaia.
6. Angel Oiarbide Ruiz, Arkitektu teknikoa. Idiazabal, Gipuzkoa.
7. Basilio Garcia Mayo, Udaltzain jubilatua. Amurrio, Araba.
8. Carlos R. Etxepare Rambosio, Kazetaria. Buenos Aires, Argentina.
9. Carlos Martinez Etxeberria, Ikaslea. Murchante, Nafarroa Garaia.
10. Dorleta Kortazar Alkoz, Ipuin kontalaria. Eskoriatza, Gipuzkoa.
11. Eduardo Gaviña, Yogurinha Borova. Trabestia eta Kultur ekintzailea. Laudio-Bilbo, Araba-Bizkaia.
12. Eneko Axpe Iza, Zientzialaria, Barakaldo, Bizkaia.
13. Estitxu Garai Artetxe, Publizista eta EHUko irakaslea. Gordexola, Bizkaia.
14. Gaizka Aranguren Urrotz, Kazetaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
15. Garazi Hach Embarek Irizar, Irakaslea. Ormaiztegi, Gipuzkoa.
16. Grazi Etchebehere, Erizain ohia. Ortzaize, Nafarroa Behea.
17. Iduzki Soubelet Fagoaga, EHUn gizarte psikologian irakaslea, Naziometroko kidea. Donibane Lohizune, Lapurdi.
18. Iera Agirre Iturriaga, Pilotaria. Leitza, Nafarroa Garaia.
19. Iker Goñi Antuñano, Ekintzailea. Getxo, Bizkaia.
20. Iker Villa Baraja, Musikaria. Barakaldo. Bizkaia.
21. Imanol Esnaola Arbiza, Gaindegiako koordinatzailea. Oiartzun, Gipuzkoa.
22. Imanol Goirigolzarri Malaxetxebarria, Jubilatua. Mungia, Bizkaia.
24. Iñaki Dorronsoro Plazaola, Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohia. Ataun, Gipuzkoa.
25. Iñaki Pujana Aguirre, Garraiolaria. Dima, Bizkaia.
26. Iratxe Delgado Arribas, Ikaslea. Durango, Bizkaia.
27. Josu Camara Izagirre, Aktorea. Lezama, Bizkaia.
28. Maddalen Arzallus Antia, Bertsolaria. Hendaia, Lapurdi.
29. Maialen Sáez de Okariz Ruiz de Sabando, Erizaina. Gasteiz, Araba.
30. Maitena Diribarne, Irakaslea. Donibane Garazi, Nafarroa Behea.
31. Markel Susaeta Laskurain, Futbolaria. Eibar, Gipuzkoa.
32. Mirari Martiarena Iraola, Umoregilea. Oiartzun, Gipuzkoa.
33. Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzalea. Tolosa, Gipuzkoa.
34. Mario Zubiaga Garate, EHU-UPVko irakaslea. Durango, Bizkaia.
35. Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen, Txirrindularia. Urruña, Lapurdi.
36. Mikel Irizar Intxausti, Jubilatua. Elorrio, Bizkaia.
37. Nerea Loron, La Furia, Abeslaria. Cascante, Nafarroa Garaia.
38. Oihana Maritorena Genbe, Aktorea eta irakaslea. Donostia, Gipuzkoa.
39. Paola Charron, Gidaria. Larresoro, Lapurdi.
40. Pello Otxandiano Kanpo, Injenieroa. Otxandio, Bizkaia.
41. Ramon Agirre Lasarte, Aktore. Donostia, Gipuzkoa.
42. Txomin Poveda, Soziologoa. Urruña, Lapurdi.
43. Xabier Goirigolzarri Malaxetxebarria, Enpresaria. Mungia, Bizkaia.
44. Ximun Fuchs, Antzerkilaria. Donibane Lohizune, Lapurdi.