Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortutako ekimen herritarra da. Esparru ezberdineko pertsona talde bat gara eta Aberri Eguna baliatu nahi dugu nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta jendarte erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezaten eskatzeko. Pandemiaren testuinguruan Aberri Eguna, Euskal Herria osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu genuen. 2022-tik aurrera, pandemiako segurtasun neurriak atzean utzi ondoren, alderdi abertzaleek bere ohiko mobilizazioak berrartu zituzten eta nork bere deialdia egin zuen. Euskal Herria Batera bateratasunean jarri genuen indarra eta urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki genuen.
Aurten, 2024an, deialdi bat egin nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen dutenei eta, aldi berean, gure konpromisoak berretsi nahi ditugu.
Deialdia Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei:
- Batera aritzeko garaia dela uste dugu. Batera krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan. Batera lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera gure Nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu dadin.
- Aberri Eguna Batera aritzeko eta Nazioa garela ospatzeko eguntzat hartzen dugu eta beraz etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitzen dugu. Modu bateratuan zein ahal eta ofizialtasun gehienarekin euskal lurralde guztietan ospatu dezagun bagarela eta munduaren aurrean azaldu, bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula. Nazioek nazioa izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugulako. Euskal Herriaren historiari begiratuta hala izan dela ondorioztatu dezakegu. Erabateko normaltasunean batzuetan eta debekuei aurre eginez beste batzuetan. Aberri Eguna tradizioa ez ezik, oraina eta etorkizuna duela uste dugu.
- Euskal jendartea asko aldatu da eta horrekin Nazioa eta nazioa sentitzeko moduak. Euskal Herria Baterak Nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaldu behar dela uste du eta horretarako deialdia egiten du.
Euskal Herria Batera!-ren konpromisoak:
- Gure deialdia zabaltzen jarraitzea. Ez soilik erakunde eta eragileei baizik eta herri honen kapital nagusia kontsideratzen dugun jendarte sektore zabal horri, zeina Euskal Herriari etorkizun hobeagoa bat emateko helburuarekin esparru ekonomikoan, sozialean, akademikoan, zientifikoan zein kulturalean euskal komunitatearen oraina eta etorkizuna eraikitzen ari den. Horiei guztiei Batera aritzeko deialdia egin nahi diegu. Horiei guztiei Aberri Egunean Nazioa garela ospatzera dei egiten diegu.
- Euskal jendarteari Aberri Eguna ospatu dezan eta ikurrinak leihoetan zabaldu ditzan eskatzea.
- 2024ko ekitaldi bateratua antolatzea. Bilbon, Martxoak 30, Campos Eliseos antzokian izango dena. Herri gisako momentu honetan, Euskal Herria ardatz duten eragileak biltzera deitzen dugu.
- Aurtengo ekitaldian bi lan kultural uztartuko dira. Lehena Euskal Herriko fundazio nagusiek osatu duten narrazio da, zeinak Euskal nazioa munduan aurkezten duen. Bigarrena Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua, nazioa egunerokoan azalduko duena.
- Aurtengo hitzorduan bi data historiko ekarri nahi izan ditugu, gaurko testuinguruan duten antzekotasunengatik
- Lehen Aberri Eguna. 1932an Bilbon EAJk deitu zuena. 1929-an lehertu zen krisi ekonomikoaren eta 1931an Espainiar estatuan martxan jarri zen Errepublikaren testuinguruan. Garaian bezala erronka eta aukeren aurrean gaude ere. Horregatik, Campos Eliseos antzokia aukeratu dugu aurtengo ekitaldirako.
- 1978ko Aberri Egun bateratua. Espainiar Estatua frankismotik demokraziarako trantsizioa egiten ari zen unean, UCD eta AP ez beste alderdi eta mugimenduek (18 guztira, hauen artean PSOE eta garaiko Euskadiko Ezkerra) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatu zen Aberri Egunera egin zuten deialdia. 400.000 herritar inguru batu ziren “Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako autonomia estatutua” eta “Autodeterminazio eskubidea” aldarrikatzeko. Egungo testuinguru politikoak euskal lurraldeen aitortza politikoaren gaineko adostasuna eskatzen duela uste dugu. Horregatik, aurtengo ekitaldira 1978ko Aberri Egunean lortutako aniztasuna ekartzen saiatuko gara.