Carlos Etcheparek irakurri du Euskal Herria Batera-k euskal diasporari 2024ko Aberri Eguna dela-eta bidaltzen dion mezua.

Haren mezuan (erantsitako bideoan osorik) Etcheparek gogorarazten du Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortu zen ekimen herritarra dela, “hainbat esparrutako euskal sustraiak dituen talde bat osatzen duena, eta Aberri Eguna baliatu nahi dugu geure burua nazio gisa berresteko”.

Era berean, zera hau adierazi du: “Uste dugu badela garaia elkarrekin lan egiteko, etorkizun hurbilean Aberri Egun bateratu bat ospatzeko baldintzak sortzeko”.

Etchepareren hitzetan, “euskal gizarteak bilakaera handia izan du, eta horrekin batera euskal nazioa sentitzeko modua. Euskal Herria Batera-k euskal nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu eta zabaltzeko deialdia egiten du”, eta, halaber, Euskal Herria Batera-ren konpromisoak, besteak beste, gogora ekarri ditu: “Etorkizuneko erronkei aurre egiteko batasunaren ideia zabaltzen jarraitzea. Erakunde eta eragileak ez ezik, herri honen kapital nagusitzat jotzen dugun eta euskal komunitatearen oraina eta etorkizuna esparru ekonomiko, sozial, akademiko, zientifiko, kultural eta kirolean eraikitzen ari den gizarte-sektore osoa ere babesten du, Euskal Herriari etorkizun hobea emateko helburuarekin”.