Aurtengo ekitaldi bateratua martxoaren 28an, larunbatean, Lizarrako Los Llanos Kulturgunean egingo dugu.

Bestetik, Aberri Egunera arte eramango gaituen bidean, Euskal Herria Batera gogoeta prozesu batean murgildurik egongo da. Hausnarketa-aldi hori Lizarrako ekitaldi bateratuarekin amaituko dugu, non Aberri Egunak behar duen instituzionalizazio mailaren inguruko gogoetaren ondorioak partekatuko ditugun.

Aipaturiko hausnarketan Euskal Herriko eragile nagusiekin erronda bat egiten hasiko gara. Horren helburua Aberri Egunaren instituzionalizazioan jauzi baten beharra partekatzea da. Hau guztia, Euskal Herria Baterak azken bost urteko balantzetik abiatuta, hau da, 2020an konfinamenduan; 2021ean Euskal Herriko Plazetan; 2022an Urruñan, 2023an Miramar Jauregian; 2024an Campos Eliseos Antzokian eta 2025ean Kursaalen egindakoa kontuan hartuta.

Gure ustez, bakoitzak Aberri Egunari balioa emanda hasten da instituzionalizazio hori, norbera parte aktiboa izanda. Finean, keinu eta ospakizun ugalketak ekarriko du instituzionalizazioa.


Lizarra eta Foruen abolizioa

Esan bezala, Lizarran egingo dugu Aberri Eguneko ekitaldi bateratua. Askok esaten dute Lizarra Euskal Herriko hegoaldeko hiriburu sentimentala eta udalerri erreferentziala dela, eta gure herriarentzat horrela izango da aurtengo efemeride garrantzitsuan:

  • Aurtengo ospakizunean 150 urte beteko dira foruak abolitu zituztenetik (1876ko Abolizio Legea). Euskal pentsamendu nazionalean eklosioa ekarri zuen hark, eta horri aurre egiteko emandako formulazio ideologiko arrakastatsuen artean nabarmentzekoak dira: “Zazpiak bat” mapa-ideia formulatzea eta “Euzkotarren aberria Euzkadi da”, Sabino Aranak egindako ekarpena.
  • Ostean, Lizarra harrera eta babeslekua ere izan zen Espainiaren mendeko lau lurraldeetarako Lizarrako Estatuturako, zeina abolizioaren ondorioei aurre egiteko instituzionalizazio ahalegin politiko garrantzitsuenetako bat izan zen.
  • Lizarrako Estatutu egitasmoak hau zioen: “Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko egungo probintziek osatzen duten Euskal Herria entitate natural eta juridikoa da, berezko nortasun politikoa duena”.

Datozen asteotan berri zehatzagoak izango dituzue horren inguruan, betiere helburu nagusiekin bat eginez: nazio bat garela gogoratzea eta, gainerako nazioak bezala, gure egun nazionala elkarrekin ospatu nahi dugula. Elkarrekin azaldu behar dugu zer garen eta zer izan nahi dugun.